Lagunak egitea erraza da Zeelanda Berrian, are gehiago Hego Irlan, bertakoak baino bidaiari gehiago daudela ematen du eta. Lur hutsa da hemengoa, herrixka txikiek mapan koloretako ttanttak margotzen dituztelarik. Ttantta horiak ez dira hogei etxe baino gehiagoko auzoak, gorriek berriz, gasolindegia eta mugikorrean estaldura izan ohi dute eta grisetara iritsi arte itxoin behar da internet eta liburutegia topatzeko. Desertu orlegi honetan, bidaiariok bata besteari laguntzen diogu eguneroko arazo txikiak konpontzen eta erraza da norbaiti harrikoa non egin duen galdetu eta gero elkarrizketarekin jarraitzea. Motxileroen bizimodua erromantikoa eta erlaxatua dela dirudien arren, eguna gure buruhausteak konpontzen pasatzen dugu: lo egiteko toki egokia bilatu, harrikoa egin, dutxa, supermerkatu merkea topatu, aparatu elektronikoak kargatu… Arazoz arazo eta konponbideez konponbide, mila lagun egiten dira egunero, euria ari badu gehiago, arazoak euliak bezala ugaltzen baitira. Horrela ezagutu nuen Sanne, Herbehereetako neskatxa, mendiko borda nola demontre ordaindu behar zen galdetuz. Hura lehen galdera izan bazen ere, milaka egon dira ordutik eta Joacim penaz agurtu ostean, bidaia hau elkarrekin jarraitzea erabaki genuen. Atsegina eta elkarbizitza errazekoa izateaz gain, interes berdinek elkartzen gaituzte, mendia eta turistengandik urrun egoteak alegia. Honetaz gain, ingeleseko irakasle paregabea ere bada.
Hala ere, ez da bakarrik etorri, koadrila osoa ekarri du berekin! Izen bereko lagunak denak ere: fucking sunflies. Sanneri usain txarrik ez darion arren, ehundaka eulitxo dauzkagu inguruan orain. Ez nuke kexatzeko arrazoirik izango, ziztatuko ez balute! Koadrilaz gain, exkasia ere ekarri du, lurrikara dela eta, botilako ura eta sukaldatzeko gasa aurkitzea zaila da hemen. Zorteko izan ginen supermerkatuko (eta hiriko eta mendebaldeko kostako) azken gas botilak erosterakoan! Iturriko ura primerakoa dela jakinik arazo handiegirik ez hurrengo hilabetera arte.
Jai-giro handirik ere ez du ekarri Sannek. Hegoa eta iparra iparrorratzak seinalatzearen ordez, tabernen isteko orduak markatzen du, zenbat eta hegoalderago, orduan eta lehenago zarratzen dituzte tabernak (atzo arratsaldeko bederatzietan bota gintuzten). Aurrekoan ere, euria gogotik ari zuenez eta “etxe” barruan egotez aspertuta ginenez, Coen anaien azken filma ikustera joan ginen zinemara. Ezusteko galanta hartu genuen mendebaldeko kostako “hiririk” handieneko zinema aretoan pelikula guretzat bakarrik jarri zigutenean! Panorama hau ikusita, bertakoek bizitza soziala nola egiten duten asmatzeko bi aukeren artean nabil dudatan, edo Facebook-en pasatzen dute eguna edo hemen inork ez du lagunik!
-Sanne eta bion aurreneko ttonttorra:
-Ortzadarra, ostadarra edo Erromako zubia etxetik ikusita:
-Zelanda Berriko herri girotu eta sozialak:
-Joacim-ekin azken afaria hondartzan:
-Geologoentzat oparia:
No hay comentarios:
Publicar un comentario